Laguntza ez eskatzea litzateke arduragabea

Joan den asteartean Abotsanitzek prentsaurrekoa eskaini zuen herriari laguntza eskatzeko. Hondarribiko emakume bat larri gaixo dago eta alokairuzko pisu bat behar du, dituen mugikortasun arazoak gainditzeko. Emakumeak udalari laguntza eskatu izan dio, baina ez du erantzunik jaso. Horregatik, eta bere osasunak okerrera egin duelako, Abotsanitzek hondarribiarrei laguntza eskatzea erabaki zuen. “Hiru urte daramatzagu emakume honi laguntzen eta lehen aldia da bere egoera publiko egiten duguna, zerbaitegatik izango da”.

Prentsaurrekoa eskaini eta egun batzuetara udal gobernuak oharra bidali zien komunikabideei. Beste gauzen artean, udalak larrialdietarako lau pisu huts dituela gezurtatu eta hiritarrei laguntza eskatu izanagatik Abotsanitzek arduragabe jokatu zuela adierazi zuen udal gobernu jeltzaleak.

Bada, esandakoa berresten dugu. Hondarribiko Udalak gutxienez bost pisu ditu larrialdi egoeretan erabili ahal izateko. Bat Puntalean, okupatua, eta beste bina Kostan eta Muliaten, hutsik.

Udal gobernuak esan zuen “arriskutsua” eta “arduragabea” dela alokairuzko pisu bat eskatzea larrialdi egoeran dagoen emakume batentzat. Gure ustez, hori ez egitea da arriskutsua eta arduragabea.

Arduragabea eta arriskutsua da Gizarte Zerbitzuen departamentuan falta diren lanpostuak ez betetzea. Arduragabea eta arriskutsua da departamentuko aurrekontutik urtean 300.000 euro baino gehiago erabili gabe uztea. Arduragabea eta arriskutsua da bihotzeko arazoak eta %48ko elbarritasuna duen emakume batek hutsik dauden emergentziazko pisuetako bat eskatzen duenean ez erantzutea.

Abotsanitzek lanean jarraituko du Gizarte Zerbitzuen departamentuak Hondarribiko biztanleriaren beharrak asetzeko moduko lan taldea eduki arte. Lanean jarraituko dugu egungo lan taldearen lan baldintzak hobetzeko. Lanean jarraituko dugu Gizarte Zerbitzuen departamentua toki irisgarri batean kokatu, eta bere jarduera egoki burutzeko behar duen lekua eduki arte. Lanean jarraituko dugu departamentuko erabiltzaileek eta, batez ere, emergentzia sozialean dauden herritarrek merezi duten zerbitzua eduki dezaten. Eta lanean jarraituko dugu, berandu baino lehen, Maria Angelesentzako pisu egoki bat lortu arte.

OHARRA: Herritarren batek Maria Angelesentzat egokia den pisu bat alokatzeko moduan baldin badu, Abotsanitz Udal Taldearen helbide elektronikora idatzi dezake. Batez ere honakoa behar du, irisgarria izatea (baxu bat izatea edo igogailua edukitzea), eta bainuontziaren ordez dutxaontzia edukitzea.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta