Zaldunborda, zortzi gakotan

Aiza! #6 aldizkarian argitaratutako erreportajea

(Resumen en castellano)

1.- Lur kutsatua

Zaldunborda Gaina lur kutsatua da, jakina da hori. Baina zergatik da lur kutsatua? Hondakindegi gisa erabilia izan delako, eta erakundeek hori eragotzi ez dutelako. Gutxienez 1993 urtetik erabili zen lizentziarik gabe era askotako hondakinak pilatzeko. I. O. jabea zenean Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro eskatu zion jarduera eteteko.

2001ean Irun eta Hondarribiko hondakinez eta uraren zikloaz arduratzen den Txingudiko Zerbitzuak erakunde publikoak (Txinzer) lurra erosi zion jabeari. Biometanizazio planta eraiki nahi zuen Txinzerrek bertan. 2004an aurkeztu zuten proiektua, baina errauste plantaren kontrako mugimenduak ezerezean utzi zuen asmoa.

Lurra hondakindegi bezala erabiltzen jarraitu zuen Txinzerrek. Erakundeko txostenetan azaltzen denez, berun, antimonio eta benzopireno kontzentrazio altuak daude eremuan. Azken urteetan Eusko Jaurlaritzak hondakindegia zigilatzeko eskatu zuen, baina Txinzerrek ez zuen kasurik egin, eta Jaurlaritzak ez zuen inolako neurririk hartu. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko zuzendaria Alejandra Iturrioz zen. Egun Zaldunbordaren atzean dagoen VUSA eraikuntza enpresak Hondarribian duen ordezkari legala da Iturrioz.

2.- Txinzerren mesederako

2001 urtean Txinzerrek 789.586 euro ordaindu zituen Zaldunborda Gaina eremuagatik. 2016ko ekainean Hondarribiko Udalak erosi zion, Hondarribia Lantzen sozietate publikoaren bitartez. Honakoa adostu zuten:

  • Hondarribiak Txinzerri 1.300.000 euro ordaintzea lurragatik.
  • Lur kutsatuen garbiketa Hondarribiak bere gain hartzea; orduan 3.579.041 euro kalkulatu zen horretarako (BEZa aparte).
  • Hondarribiak lurra salduko balu, salmentaren etekinaren %70a jasoko luke Txinzerrek. Higertokik Hondarribiko Udalari bi milioi euro ordaindu zizkionez, horietatik 1.400.000 Txinzerrek jasoko lituzke. Guztira 2.700.000 euro, 2001ean ordaindu zuena baino bi milioi euro gehiago.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak eskuadratik gola sartu zion Txomin Sagarzazuri. Txinzerreko presidentea Irungo alkatea zen (eta da, estatutuen arabera), eta erakundearen zorra kitatzeko balio izan zuen operazioak. Hondarribiak jarritako diruarekin, Irunek euro bakarra jarri gabe.

3. Kontserbazio Bereziko Eremua

Jaizkibel mendiaren magalean kokatuta dago Zaldunborda Gaina, Jaizkibel eta Aiako Harria lotzen dituen korridore ekologikoan. Natura 2000 sareak babestutako lekua da Jaizkibel. Europako Batasuneko sare ekologikoa da Natura 2000, Batasuneko Garrantzizko Lekuez (BGL) eta Kontserbazio Bereziko Eremuez (KBE) osatua. KBE izendatua dago Jaizkibel, eta bertan Interes komunitarioko 14 habitat, katalogatutako 17 hegazti espezie, hegazti migratzaileen 20 espezie eta Natura 2000 sareko zuzentarauetan jasotako 5 animalia espezie sailkatu dira.

4. Munstro bat, zenbakitan

Hondarribia Outlet Village, tamainari eta eraginari dagokionean, munstro bat izango litzateke. Merkataritza guneak 29.000 metro koadroko azalera hartuko luke, 120 denda inguru. Horrez gain, hainbat taberna eta jatetxe. Eta kanpoaldean, 1.800 autorentzako aparkalekuak, eta gasolindegi handi bat. Hondarribiko Portu auzoaren itxura izango luke, hain zuzen ere, ekonomikoki kalte handiena eragingo liokeen auzoaren itxura. 

Urtero bost milioi pertsonak bisitatuko luketela uste du Higertoki enpresa promotoreak. Bi milioitik gora ibilgailu, dagoeneko trafiko gehiago irensteko gai ez den eskualde batean.

Estetikoki, Hondarribiko Portua irudikatuko du, arrantzale auzo bat mendian. Horretan ere izugarrikeria izango da.

5. Bi egun erabakior

2019ko ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu zuen, aho batez gainera. Lege horrek Zaldunborda Gainekoa bezalako guneak debekatzen ditu, baina ez die eragiten legea onartu baino lehen aurretiazko onarpena duten proiektuei. Megaoutletak ekainaren 26an jaso zuen aurretiazko onarpena, legea onartu bezperan. Ez hori bakarrik. Higertokik plan partzialaren zirriborroa aurkeztu, udal arkitektoak zortzi orriko txostena idatzi, udal idazkariak onarpena emateko txostena prestatu eta alkateak dekretua sinatu, oposizioari jakinarazi gabe. Hori guztia egun bakarrean, Merkataritza Legea onartu bezperan.

Higertokiren sorrera bera ere harrigarria da. 2016ko maiatzean sortu zen Higertoki, Hondarribia Lantzenek Txinzerri lurra erosi baino hilabete lehenago. Higertokiren helburu bakarra Zaldunborda Gaineko outlet herrixka eraikitzea denez, oso deigarria da enpresa sortzea erosketa baino hilabete lehenago, Zaldunborda landa eremua zenean. Agerian geratzen da Higertokiren atzean dauden pertsonen esku egon dela prozesu osoa.

6. Higertoki, Eserguitik VUSA

Esergui (Avia) taldearen eskutik jaio zen Higertoki. Hidrokarburoei lotutako taldea da Esergui. Bilboko Portuko hidrokarburoen biltegiratzeaz arduratzen da Biscay Tank SA-ren bitartez; horregatik hasieran uste zen Zaldunbordan Pasaiako Kanpoko Superportuari lotutako azpiegiturak ezarri nahi zituztela. Baina prozesuak beste norabide bat hartu du.

Higertokik plan partziala diseinatzen zuen bitartean, administrazio kontseilua izatetik administratzaile bakarra izatera pasatu zen. VUSA eraikuntza enpresaren kudeatzaile Joaquin Sotomayor abokatua da Higertokiren kudeatzailea.

Hau da, hasiera batean Zaldunbordaren atzean hidrokarburoen Esergui taldea bazegoen, orain VUSA eraikuntza enpresak hartu du gidaritza. Eta VUSA eraikuntzaren promotora Ugaren da, Ugarenek promozionatutako proiektuak eraikitzen ditu VUSAk.

Zaldunborda eraikin ilegala
La arquitecta municipal ha reconocido que la construcción no tiene licencia

7. Hondarribiko EAJren bakardadea

“Momentu honetan Gipuzkoako erakundeok gehiengo osoz ulertzen dugu, eta duela gutxi hala adierazi genuen Batzar Orokorretan aho batez, gurean ez ditugula horrelako makrozentrurik nahi”. Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramalearen hitzak dira, azaroaren 29koak. Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiak, aldundikoak, inguruko udalerritakoak… Denak azaldu dira Zaldunborda Gaineko proiektuaren kontra. Baita merkatariak eta talde ekologistak ere.

Hondarribiko EAJk bakarrik babestu izan du proiektua, Hondarribiko EAJk eta proiektuaren atzean dauden interes pribatuek. Udal hauteskundeetan botoen %45a lortu zuen EAJk, erroldaren % 34a. Proiektuaren kontra dagoen oposizioak %47a. Horregatik ez zuen udal hauteskundeetako kanpainan Zaldunborda aipatu ere egin. Horregatik, ez da zilegi inolaz ere gehiengo absolutu hori erabiltzea horrelako gai bat aurrera eraman nahi izateko.

8. Garaipen bat, borrokarako

Abenduaren 17an Txomin Sagarzazu alkateak atzera egin behar izan zuen, udal arkitektoak plan partziala bertan behera utzi eta gero. Ekainaren 26an sinatutako dekretua eraginik gabe utzi zuen arkitektoak, enpresak ez dituelako zuzendu plan partzialean azaltzen ziren gabeziak. Zera esaten du arkitektoak: eraikigarritasun maila ezin dela egiaztatu eta antolamendu urbanistikoa ez dela zehazten. Bost hilabetetan ezin izan ditu enpresak gabezia horiek zuzendu. Horrek argi uzten du alkatearen arinkeria dekretua sinatzerako orduan.

Abotsanitz Udal Taldeak pozik hartu zuen udal arkitektoaren erabakia, azkenean arrazoia eman digulako. Argi dugu herriaren erantzuna dagoela plan partziala bertan behera uztearen atzean, alkateak ezin izan diolako presioari eta ezarri diogun kontrolari eutsi.

Hamarkadetan gaizki tratatua izan da Zaldunborda Gaina. Nahi bezala erabilia izan da, kutsatua, ahaztua. Baina herriaren erresistentziaren ikur ere bilakatu da. Herriak geldiarazi zuen bere garaian bertan eraiki nahi zuten errauste planta, eta herriak geldiarazi du, momentuz, Higertokiren beste munstro hau. Gaizki tratatua izan da Zaldunborda Gaina, baina lezioa eman digu bigarrenez. Borrokak merezi duela erakutsi digu. Jarraitu dezagun bada!

Zaldunborda gelditu

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta