Montai Auzia epaitegietara iritsi da

Abotsanitzek Hondarribiko Bake Epaitegian deklaratu behar izan du, abenduaren 11ko prentsaurrekoan egindako salaketengatik.

Abotsanitz Udal Taldeko egungo eta aurreko agintaldiko zinegotziak Hondarribiko Bake Epaitegira hurbildu dira gaur goizean, Montai Auzia dela-eta deklaratzeko. Montai empresa taldeko arduradun Aitor Elorzak Abotsanitzen kontrako bide judiziala abiatu du abenduaren 11ko prentsaurrekoan esandakoengatik. Agerraldi hartan Hondarribiko udal gobernuaren kontratazio irregularrak salatu zituen Abotsanitzek, baita horien onuradun nagusia den Montai taldeko arduradunak Hondarribiko Udalari mehatxu egin ziola. Gabonetako lan batzuk beste enpresa bati eskatu zizkiolako epaitegira joateko aukerarekin mehatxatu zuen Elorzak udala.

Gaurko adiskidetze ekitaldia deituta zuen enpresari jeltzaleak, kereila jarri aurretik ezinbesteko urratsa baita adiskidetze ekitaldia eskatzea. Bere ustez, abenduaren 11n esandakoak bere pertsonaren kontrako irain eta kalumnia dira, eta atzera egitea eskatzen zitzaion Abotsanitzi. Baina Igor Enparan bozeramaileak komunikabideen aurrean egindako salaketa berretsi egin du gaur epaitegian:

“Hondarribiko Udalbatzako kideak gara, Hondarribiko udal ordezkariak, herritarrek bozka bidez hautatu gaituztelako. Alkatearen erabakiz ez dugu kudeaketan jarduteko ahalmenik. Baina gure lan politikoaren arlo bat udal kudeaketaren kontrola egitea da. Horretan ari gara, eta jarraituko dugu, arduraz”.

Enparanek onartu du Elorzaren ekinbidearekin harrituta daudela: “Kontrol lan horretan irregulartasunak antzeman ditugu zerbitzuen kontratazioan. Irregulartasun horiek publiko egin ditugu, eta Montai enpresa taldeko arduradunak berak irregulartasun horiek badirela onartu du komunikabideei bidalitako ohar bidez. Irregulartasunak salatuko ditugu, baina ez dugu onartuko, irregulartasunekin zerikusia duen inongo enpresak mehatxu egitea Hondarribiko Udalari, edo bere jarduna bahitzen saiatzea”.

Lanean jarraituko dutela eta urrats bat gehiago emango dutela aurreratu du bozeramaileak: “Gardentasunaren eta kudeaketa garbiaren printzipioei jarraituz, antzematen ditugun irregulartasunen berri ematen jarraituko dugu. Gainera, prozedura irregular hauen ondorioz herriarentzat gainkostua egon ote den aztertzen ari gara. Badakigu lanak nahierara eman direla. Jakin nahi duguna da ea lan horiek beharko luketeena baino kostu handiagoa izan duten herriarentzat”.

Bukatzeko, alkateari babes juridikoa eskatuko diotela gaineratu du Enparanek: “Hurrengo urratsa Hondarribiko Udalari babes juridikoa eskatzea izango da. Herriaren defentsan egindako lanagatik ireki dute bide judiziala gure kontra eta, Udalbatzako kide garen heinean, udalaren babes juridikoa jasotzeko eskubidea dugu”.

Abotsanitz Udal Taldea, epaitegiaren kanpoaldean, Montai Auzia dela-eta
Abotsanitz Udal Taldeko kideak, epaitegiaren kanpoaldean