Bunkerrak. P Lerroa edo Vallespin Lerroa

Aitzol Arroyo Tumasek Aiza! #6 aldizkarian idatzitako erreportajea

Bunkerrak kalbarioa
Kalbario inguruan kokatzen diren bunkerretako bat
Leer resumen en castellano

Pirinio mendiak, historikoki eta gaur egun arte, Frantzia eta Espainiako estatuen arteko muga natural zein geografiko-politiko izan dira. Eta, hain zuzen ere, Pirinioetan du kokaleku gaurkoan aztergai dugun P Lerroa deritzon eraikin-multzo honek.

1936ko Gerraren ondorio zuzena da P Lerroa (Pirinio Lerroa). Hondarribitik hasita, Pertus (Ipar Katalunia) eta Port Bourainoko (Girona, Katalunia) 500 kilometroz osaturiko defentsa lerro gotortua da. 1939an gerra amaituta, Francisco Franco diktadoreak Pirinioetako muga gotortzeko agindua eman zuen, balizko inbasio bati aurre egiteko eta Espainiako estatuan zegoen ez-egonkortasuna baretzeko. 

Gotortzea aurrera eramateko, hiru batzorde sortu ziren, bakoitzak sektore edo eremu bat hartzen zuelarik. Gure eremuaren kontrola hasieran Camilo Alonso Vegaren esku geratu zen, baina geroago Jose Vallespin Ingeniaritza koronela gailendu zitzaion. Horregatik, lerroak bere abizena hartu zuen. 1939ko ekainean hasi ziren lehenengo egitura militarrak eraikitzen mendilerroaren hainbat puntutan, kasurako, Gipuzkoan eta Nafarroan. 

Antolakuntza oso konplexua zen. Lerroa sektoreka bananduta zegoen eta sektore bakoitza, aldiz, Centros de Resistencia (C.R.) edo Erresistentzia Eremuetan. Hego Euskal Herrian honelako 50 eremu eraiki ziren. Bakoitza hainbat babes-puntuk (Puntos De Apoyo) osatzen zuten, honako hornidura zutenak: Fusil metrailadorea, metrailadorea, tankeen aurkako kanoia, infanteria kanoia, kanoi antiaereoa, 81mm-ko morteroa eta 50mm-ko morteroa. Hortaz aparte, behatokiak eta munizio zein elikagai deposituak ere eraiki ziren eremu bakoitzean. Guadalupen, 245. Erresistentzia Eremua kokatu zen. 

Bigarren Mundu Gerraren hasierarekin Pirinioetako fortifikazio eraikuntza gehienek geldialdi bat izan zuten, baita Hondarribikoak ere. Baina hemengoak jarraipena izan zuen gero. Guadalupeko Erresistentzia Zentroa batez ere 1940ko hamarkadan garatu zen, Hau da, geldialdi horren ondoren, eta Vallespinen gidaritzapean. 

50etik gora bunker 
Guadalupeko eremua 59 bunkerrez osatuta zegoen planoetan, nahiz eta azkenean, 53 eraiki ziren. Guarnizioari dagokionez, batailoi batek osatzen zuen Erresistentzia Zentroa, hots, 600 soldaduk. Bunker gehienak, kokapen estrategikoagatik mendialdean kokatzen badira ere, fortifikazio-asentamendu txikiak hirigunearen inguruetan ere topa genitzake. 

Guadalupen batailoi bat ezarri zen, baina fortifikazio defentsibo hau zaharkiturik jaio zen eta aparteko funtzionaltasunik gabea. Horrela, mugimendu militarrak eta posizio praktikak egiteko besterik ez zuen balio izan, hots, gutxiengo formazio militarra eskuratzeko. 

Garaian balio handirik izan ez bazuen ere, gaur egun balio gehigarri bat eskuratu du Pirinio Lerroak. Honelako fortifikazio multzoak oso ezagunak egin ziren Bigarren Mundu Gerran, Ligne Maginot edota Siegfried Line gune gotortuak, kasurako. Izugarri handiak ziren eta eraso militarrak pairatu zituzten. Ligne Maginot eta Siegfried Line ondare elementu garrantzitsuak bilakatu dira, eta urtean bisitari pila jasotzen dituzte. P Lerroaren Hondarribiko zatia ere balorean jartzea merezi duela uste dugu, Hondarribiko eta Euskal Herriko ondarearen parte direlako.

Bunkerrak gizarteratzeko proposamena

Hamarkada ugari pasa dira ondare material honen funtzionaltasuna eta eraginkortasuna galdu zela. Are gehiago, eraiki zirenerako zaharkituta jaio ziren. Gainera, ez zuten erabilgarritasunik eduki, praktika militar bakan batzuk kenduta. 

Bunkerrak Jaizkibel
Bunker bat Jaizkibel mendian, lehenbiziko dorretik gertu

Jaizkibel mendiaren magalean zehar sakabanatuak daude egitura gotortuak, ahanzturan murgilduak. Ez dira ikusteko errazak. Batetik, begetazioak ‘irentsi’ dituelako kasu askotan, eta bestetik, giza-eraginez eraitsiak ala ezkutatuak izan direlako. Honengatik guztiagatik, ondare material honekin zerbait egiteko beharra agerian geratzen da. Eta Abotsanitzek P Lerroko Hondarribiko bunkerren inguruko aktuazio plangintza bat abiatzea proposatzen du.

Lehenik eta behin, gotortze elementu guztien identifikazio ikerketa bat egin beharko litzateke. 50 fortifikazio eraikuntza baino gehiago eraiki ziren Hondarribian. Horietako batzuk, egun pribatuak diren lursailetan kokatzen dira, eta lursail publikoetan dauden hainbatek erabilera pribatua dute, biltegi eta zabortegi funtzioak betetzen dituztelarik. Beraz, ezinbestekoa da bunker bakoitza zein egoeratan dagoen identifikatzea, eta esku-hartze publikoa ala pribatua duen jakitea. 

Behin identifikazioa eman denean, eremu publikoan dauden ondare material hauen zaharberritzea egin beharko litzateke, hots, gizarteratu baino lehen gutxieneko baldintza batzuk ezarri. Inguruko begetazioa garbitu egiturak garbi ikus daitezen, barrualdeko paretak hormigoiaren jatorrizko kolore grisaz margotu eta, ahal izanez gero -baliabideen arabera-, gune bakoitzak zuen armamentu hornidura bere jatorrizko tokian errepliken bidez irudikatu: metrailadoreak, kanoiak, morteroak, lurrezko zakuak, eta abar.

Hori eginez gero, teorian, multzo-gotortuko egituretako batzuk hasierako egoerara bueltatuko lirateke, eraiki ziren antzerako baldintzetan, eta antzerako funtzionaltasunarekin. Gizarteratzeko prest leudeke. Orduan, ondarea balioan jartzeko zenbait tresna eta ekintza beharko dira. Esaterako, informazio edo argibide taulak, edo plakak, egituren informazio tekniko zein historiko zabala eskaintzeko. 

Bukatzeko, gaur egun modan dauden ibilbide historikoak antolatzeko ere aukera eskaintzen du P Lerroak. Izan ere, bunker hauek Hondarribiko mendialdean sakabanaturik daude eta pare bat orduko ibilbide ‘erraz’ baten bidez, hainbat elementu militar bisitatzeko aukera egon daiteke. Beste aukera bat izan daiteke arrakasta handia duen Tren Berdeak ibilbide hori bera egitea, ondare militarraren zati handiena errepideen inguruan kokatzen baita.

Hondarribian ondarearekin eta gure iraganarekin kontu ilun asko ditugu argitu zain. Egingarria den proiektu bat aurkezten da, gizartean eragin handikoa izan daitekeena, eta kanpoko bisitariak erakarri ditzakeena. Horregatik, ezin dugu aukera hau galdu. Ondare hau dugun bitartean, zeozer egiteko beharra dago, “zukua” ateratzea besterik ez da falta.

Bunker bat Arkollan
Bunker asko eremu pribatuan daude, irudikoa Arkollako baserri batean

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta