Mehatxuak salatzeagatik epaitegira akusatu gisa

Aitor Elorza Montaiko arduradunak Abotsanitzen aurka kereilatzeko bidea abiatu du

Aitor Elorza, Montai enpresa taldeko arduradunak Abotsanitz Udal Taldearen kontrako ekinbide judiziala abiatu du. 2019ko abenduaren 11n prentsaurrekoa eskaini zuen Abotsanitzek, Hondarribiko udal gobernuaren kontratazio irregularrak ezagutarazi eta kontratazio horien onuradun nagusia den Montai taldeko arduradunak Udala mehatxatu zuela salatzeko. Salaketa horren ondorioz jakin da hainbat erakunde publikok modu irregularrean eta sistematikoki Montai taldea kontratatu izan dutela.

Elorzak Abotsanitz Udal Taldearen kontra kereilatzeko asmoa azaldu du. Elorzaren ustez, Abotsanitzen salaketak bere pertsonaren kontrako “irain eta kalumnia delitu dira, eta kereila kriminalaren bitartez zigortu daitezke”. Horregatik, hurrengo asteko astelehenean 09:00etan adiskidetze-ekitaldira deitua izan dira Abotsanitzeko zinegotziak. Kereila jartzeko ezinbesteko baldintza da aurretik adiskidetze-ekitaldia deitzea. Bertan, Abotsanitzek komunikabideen aurrean esandakoetan atzera egin ezean, kereila jartzeko aukera izango luke Elorzak.

Prentsaurrekoan esandakoa berresten dugu. Abotsanitzek ez ditu Montairen praktika mafiosoak onartuko eta bere esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditu enpresa pribatuek Hondarribiko Udala bahitu ez dezaten.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta