EtxeBIZITZA egokia Maria Angelesentzat

Abotsanitzek prentsaurrekoa eskaini du gaur herritarrei laguntza eskatzeko

Etxe bat, bizitza bat Maria Angelesentzat. Hori eskatzeko elkartu gara gaur Gipuzkoa plazan, Harategi kaleko bere etxe ondoan. Maria Angeles Thomen gaixorik dago. Bihotzeko arazo larriak ditu eta %48ko elbarritasuna. Ibili behar duela esan diote medikuek, baina ezin du mugitu, ez delako gai bere etxeko eskaileretatik behera jaisteko. Gainera, bihotzeko arazoak kontuan izanik, esan diote eskailerak igo eta jaistea ez zaiola komeni.

Azken urtean bitan ospitaleratu dute. Larrialdi zerbitzuek dagoeneko esan dute, bizi den etxean bizi delako, ezin dutela eskaileretatik jaitsi, ezin dutela bermatu bere bizitza arriskuan jarri gabe etxetik ateratzea. Hori gutxi balitz, duela aste batzuk bi bertebra hautsi zituen. Egoera ezin larriagoa da.  

Alokairuzko pisu egoki bat behar du Maria Angelesek, dituen mugikortasun arazoak gainditzeko. Kalera atera ahal izateko. Dutxatu ahal izateko. Medikura joateko. Bere alabak bera modu egokian zaindu ahal izateko… Bizitzeko. Horretarako elkartu gara hemen, herritarrei laguntza eskatzeko. Herritarren batek alokairuan Maria Angelesentzat egokia den pisu bat ote duen galdetzeko.

Hondarribiko Udalak baditu emergentzietarako bost pisu, eta horietatik lau hutsik daude, azken urtean ez dira erabili. Maria Angelesek bere egoera hobetzeko pisu bat eskatu du, baina ez diote erantzun ere egin.

Udalak ez dio erantzunik eman
Oinarrizko gizarte zerbitzuek, pertsonak egunerokotasuneko ekintzak autonomiaz burutzeko tresna izan behar dute. Finean, hau da gizarte zerbitzuen euskal sistemaren helburu nagusiena.

Lehen mailako gizarte zerbitzuak aukera asko ematen ditu herritarren egunerokotasuna errazteko. Eskaintzen duen laguntzetako bat etxez etxeko laguntza da, eta uste dugu etxez etxeko laguntza ahalik eta gehien zabaldu behar dela, bai erabiltzaileen, baina baita zaintzaileen mesederako ere. 

Egia da, Gizarte Zerbitzuen legea 2008 urtetik zaharkitua dagoela, baina udalak baditu lege hori garatzeko eskumenak. Bada garaia talde, teknikari eta gizarte langileen artean gizarte zerbitzuei beste buelta bat emateko, hirian ditugun baliabideak mahai gainean jartzeko, eta herritar guzti-guztiei bere egunerokotasuna hobetzeko lagungarri izango zaien eskaintza bat ahalbidetzeko.

Etxebizitza duina eta egokia
Laguntza eskatu du Maria Angelesek, etxebizitza egokiagoa eskatu du, baina ez du erantzunik jaso. Badakigu Gizarte Zerbitzuetako departamentuan langileak falta direla, badakigu legeak hutsuneak dituela, badakigu Hondarribiko Udalak ez duela harrera-etxebitzen araudirik, badakigu etxez-etxeko zerbitzuak ez dituela oinarrizko betebeharrak asetzen…

Hori guztia badakigu, baina ez gara horretarako etorri. Herritarren elkartasuna eskatzeko elkartu gara hemen, berandu baino lehen, Maria Angelesek etxebizitza duin eta egoki bat behar duelako.

OHARRA: Herritarren batek Maria Angelesentzat egokia den pisu bat alokatzeko moduan baldin badu, Abotsanitz Udal Taldearen helbide elektronikora idatzi dezake. Batez ere honakoa behar du, irisgarria izatea (baxu bat izatea edo igogailua edukitzea), eta bainuontziaren ordez dutxaontzia edukitzea.

Gipuzkoa plazan eskaini dugu prentsaurrekoa, bere etxetik oso gertu

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta