75 urte bete dira gaur faxistek Jesus Carrera Olaskoaga hondarribiarra Alcala de Henaresen fusilatu zutela. Horregatik, Abotsanitz Herri Batzarraren ordezkaritza batek lore eskaintza egin dio goizeko lehen orduan Hondarribiko kanposantuan. 2018ko uztailaren 28tik daude Carreraren hezurrak herrian, familiak eskatuta urte hartako ekainaren 15ean exhumatu baitzituzten.
1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten. Bi urte lehenago atxilotu zuten Madrilen, Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi zenean. Bost hilabetez torturatu zuten epailearengana eraman aurretik. 1944ko irailean epaitu zuten eta heriotza zigorra ezarri zioten.
36ko Gerran komunistekin borrokatu zuen, Gernikako Arbola eta Lenin batailoietako komandante bezala. Gero, Asturiasko Frontean, Euzko Gudarosteko teniente izan zen. Ondoren, PCErentzako askotariko lanak egin zituen, Bartzelonatik Frantziara ihes egin behar izan zuen arte. Frantzian, Saint Cyprien, Gurs eta Argeles-sur-Mer kontzentrazio esparruetan egon zen preso. Bertatik ihes egin zuen, Espainiako Alderdi Komunista berregituratzeko eskaria egin ziotenean.
Gaurko egunez ere, baina 1915ean, Clemente Sagarzazu jaio zen Hondarribian. Bigarren Mundu Gerra piztu zenean Frantzian bizi zen, eta bertan atxilotu zuten Erresistentziako kide izateagatik. Royalieu-Compiegne eta Neuengamme kontzentrazio esparruetan egon zen preso, eta Europan gerra amaitu baino astebete lehenago askatu zuten. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon den dokumentatutako hondarribiar bakarra izan zen Sagarzazu.
Gaurko lore eskaintzaren bitartez, garai desberdinetan faxismoaren kontra borrokatu edota haren biktima izan ziren herritar guztien aitortza egin nahi izan dugu.