"Benetan miresten ditudan zuzendariekin ari naiz lanean eta oso pozik nago"

Ane Muñoz zinegileari elkarrizketa, Aiza! #6 aldizkarian argitaratutakoa.

Kubara bidaia egin bezperan elkartu ginen Ane Muñozekin, Gipuzkoa plazan. Baina hurrengo eguneko hegaldia hartu aurretik bazuen azken lan bat. Elkarrizketa bukatu eta Errenteriara zihoan, Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioan oinarritutako Gure oroitzapenak (ikusi trailerra) film kolektiboa aurkeztera. Oporretan dagoela jakin du berak lan egindako bi filmek, La trinchera infinita-k (ikusi) eta Ventajas de viajar en tren (ikusi) lanek, hemeretzi izendapen lortu dituztela Goya sarietarako.  

Aurtengo lanak bukatu dituzu eta bazoaz Kubara!
Bai, lan asko izan dut aurten, baina azken proiektua bukatu dugu eta oporrak hartu ditut. Eta bai, azken urte hauetan garai honetan egin dudan bezala, Kubara joango naiz. Duela hamar urtetik ezagutzen ditut gaur egun lagunak ditudan kubatarrak. Patxi Barcoren Dragoi Ehiztaria (ikusi) errodatzera joan ginen, eta errodajeko taldean ezagutu nituen. Gabonak baino pixka bat lehenago bukatu genituen hango lanak, eta ekipoko lagunak etxera itzuli ziren, baina egonaldia luzatzea erabaki nuen nik, eta errodajean ezagutuko lagun berri haiekin pasa nituen hurrengo egunak. Harrez gero, urtero itzuli izan naiz. 

Oso berezia izan omen zen lehendabiziko oporraldi hura.
Bai. Gabonak ziren, ni bakarrik nengoen, eta denetik egiteko aukera izan nuen. Alde batetik, bakarrik nengoenez, beren etxeetara gonbidatzen ninduten. Eta, Kuban barrena ibiltzeko ere aprobetxatu nuen. Pelikula errodatzen egon ginen bitartean, burbuila antzeko batean bizi izan ginen: Melia erraldoi horietako batean egiten genuen lo, taxietan joaten ginen errodajeetara. Baina gero, han gelditu nintzenean, beste errealitate bat ikusi nuen, beraien eguneroko bizitza. Joan baino lehenago ere beti ezagutu nahi izan nuen Kuba, eta opor haietan hasi nintzen ezagutzen.  

Aurreko batean esan zenidan agian aukera izango zenuela Kubako Zine Eskolan script ikastaroren bat eskaintzeko… 
Aukera bat bazegoen, baina, aurten behintzat, ezingo da izan. Oso egoera latzean daude kubatarrak une honetan. Donald Trump boterera iritsi denetik asko okertu zaizkie gauzak. Argirik gabe gelditzen dira noiznahi, arazo larriak dituzte elikagaiekin… blokeo gogor-gogorra dute, 90eko hamarkadan izan zutenaren antzekoa. Zine Eskolak lanean jarraitzen du, jakina, baina beraiek ere egoera oso larria dute, eta ezin dute aparteko ikastarorik eskaini. Hala ere, Zine Eskola ezagutzera joango naiz oraingo honetan. Oso eskola ona da, mundu mailan ezaguna. Eta mundu osotik joaten da jendea hara ikastera, baita Euskal Herritik ere.

Scripta zara. Pelikula bat egiteko ezinbesteko figura da zurea, baina lan ezezaguna ere bada jende askorentzat…   
Asko, pila bat gustatzen zaidan lana da. Zuzendariaren eta muntatzailearen arteko zubi lana egiten du scriptak, eta filma barru barrutik bizitzeko aukera ematen du. Scriptak dena eduki behar du kontrolpean, pelikularen kronologia guztia, ze kontuan izan behar da pelikula bat ez dela kronologikoki errodatzen! Detaile guztiak apuntatu eta gorde behar ditut, gero zuzendariari gogora arazteko halako eszenan, adibidez, protagonistak edo beste edonork zein arropa edo ile zuen, paretako erlojuan zein ordu zen… Pelikula osoa eduki behar da buruan une batean ere ez galtzeko, eta filmatzen ari garena zein momentutan izango den argi izateko. Gainera, filmaketan grabatzen den dena bidaltzen diot muntatzaileari. 

Azkenaldian karteldegian dauden hiru filmetan ikusi dugu zure izena, La trinchera infinita-n, Ventajas de viajar en tren filman eta Agur Etxebeste!-n (ikusi).
Proiektu asko izan ditut azkenaldian, eta horrela izan da aurten ere. Iaz bukatu genuen La Trinchera Infinita-ren errodajea, Huelvan. Aurten, otsailean bukatu genuen Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren eta, ondoren, lau hilabetez, Movistar plataformarentzat ETAren sorrerari buruzko La línea invisible telesailean aritu naiz. Hori bukatu orduko hasi ginen Imanol Rayo zuzendariaren Hil Kanpaiak errodatzen, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoyrekin, eta orain gutxi bukatu dugu lan hori. Eta orain oporraldi txiki bat izango dut, beste ezertan hasi aurretik!

Hiru izenburu garrantzitsu esan ditugu, La trinchera infinita, Ventajas de viajar en tren, Agur Etxebeste… Baina azken urteetan euskal zinemagintzako lan esanguratsu guztietan egin duzu lana, 80 egunean, Urte berri on, Amona! (ikusi), Loreak (ikusi), Lasa eta Zabala (ikusi), Handia (ikusi), Amama (ikusi), Oreina (ikusi)… 
Oso pozik nago, egia da. Benetan miresten ditudan zuzendariekin lan egiteko aukera ari naiz edukitzen, Moriarti Produkzioak-eko Jon Garaño, Joxe Mari Goenaga eta Aitor Arregirekin, Telmo Esnalekin eta Asier Altunarekin, Borja Cobeagarekin, Koldo Almandozekin… Aritz Moreno donostiarrarekin lan egiteko aukera ere izan dut aurten, eta oso zuzendari interesgarria iruditu zait. 

Script lanetan hasi zinenean pentsatzen zenuen horrelako lan martxarekin ibiliko zinenik?  
Euskaraz eta Euskal Herrian hainbeste errodatuko nuela ez nuen pentsatzen, ez… Azken urte hauetakoa zoragarria ari da izaten. 

Nolatan hasi zinen script lanetan?
Ikasketak egiten ari ginela labur bat egin behar genuen lagun taldean. Batek gidoia egingo zuela esan zuen, besteak aktore lana, bestea zuzendaria… Eta lagunetako batek esan zidan ni oso behatzailea nintzela, denaz ohartzen nintzela, eta ia animatzen nintzen scripta izatera… Asko gustatu zitzaidan. Berezkotik asko du lan honek.

Zinerako bezala, telebistarako ere ari zara lanean azkenaldian…
Telesailak egiteko modua asko aldatu da azken urte hauetan. Modan daude, eta sekulako baliabide teknikoekin egiten dira batzuk. Horietan lan egitea oso interesgarria da. Garai bateko eta gaur egungo telesail batzuetan, oso azkar egin behar izaten zen edo egin behar izaten da dena… baina aldaketa handia sortu dute telebista plataformek. Diru asko inbertitzen da eta hori asko nabaritzen da kalitatean. Zinean lan egiteko modura hurbiltzen da kasu batzuetan.

Kezka eragin du zinearen industrian zuzendari batzuen filmak plataforma horietan emateak. Zein da zure iritzia?
Niri ez zait gaizki iruditzen. Zinearen alde lanean jarraitu beharra dago, zalantzarik gabe. Baina jendearentzat erosoagoa da filmak etxetik ikustea, gero eta gehiago kostatzen da jendea zine aretoetara eramatea. Nik uste dut horrelako plataformek lagundu dezaketela, baina hori bai, ordaindutakoa izan behar du. Produktu bat ari zara eskaintzen, produktu on bat… eta hori ordaindu egin behar da.

El pan de cada día, Basurdea, El salto de Beamon, Loturak… Horiek zure film laburretako batzuk, oso maitatuak gainera Hondarribian, eta sariak jasotakoak gainera… baina urte luzez laburrik egin gabe izan zara. Zergatik?
Ez da erraza.. Aurrekontu txikiekin egin behar izan ditut nire laburrak, oso egun gutxitan, beti mesedeak eskatzen lagunei… eta hori gutxi ez, eta norberak arduratu behar du banaketaz, dirua lortzeaz… sormenari lotutako lana ikaragarri gustatzen zait, oso gustura aritzen naiz horretan, baina burokraziari lotutako kontuak ez zaizkit batere gustatzen. 

Baina azken urteotako script-lan eta script-lan artean, Joseba Sarrionandia Gure oroitzapenak film kolektiboan parte hartu zenuen zure labur batekin, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zenuten iaz.
Opari bat izan zen niretzat hamabi film laburrez osatutako film luze honetan parte hartu ahal izatea. Oso interesgarria iruditu zitzaidan egitasmoa. Pentsa! Sarrionandiaren unibertso izugarri hori gure ikuspegitik lantzea, interpretazio pertsonala eta askea egin ahal izatea, luxua izan zen. Maggie, indazu kamamila ipuina hartu nuen oinarri, Enperadore eroa ahaztu gabe. 

Sormen lana, aspaldiko partez… 
Sekulako gogoa nuen sormen lan baterako. Baina esanda bezala, sormen lanaren ondoren datorren beste lan horiek ez zaizkit batera gustatzen, eta proiektu honek aukera eman zidan sortzaile gisa bakarrik aritzeko. Baldintza batzuk genituen, hori egia da: zazpi minutuko laburra, bi egunetan errodatu beharra… baina gero erabateko askatasuna izan nuen nire taldea osatzeko, aktoreak aukeratzeko… Nirekin lan egin zuten teknikoek Goya sariak lortu zituzten Sarrionandiarena egin eta gutxira, Handia filmagatik. 

Sarrionandiarekin ere elkartu omen zinen Kuban, filma aurkeztu eta gutxira. Zer esan zizun?
Ondo ikusi zuen egindako lana. Gainera, gure laburrak ikusi ondoren, guk egindakoak sorrarazi zizkion sentimendu eta ideiekin hitz batzuk grabatu zituen labur bakoitzerako, filma ikustean entzuten direnak. Eta hori oso oso polita iruditu zitzaidan. Guk bere lana izan genuen inspirazio iturri, eta gero berak, gurea ikusita, beste zerbait sortu zuen.

Hondarribian oraindik ezin izan dugu ikusi Gure Oroitzapenak.
Hala da, eta ez dakit zein den arrazoia. Baina Euskal Herriko hiri eta herri askotan eskaini da, eta oraindik ari gara batera eta bestera… Baina ematen du hemen ez duela interesik piztu programatzaileen artean.

Hondarribiko zer aukeratuko zenuke pelikula bat egiteko?
Garai batean alardearen inguruko gatazkari buruzko film bat egitea pentsatu nuen eta zerbait idatzi nuen, baina ez zen aurrera atera. Gaur egun Gaztetxean sartuko nintzateke zerbait egiteko, garai bateko Accion Catolican, Egiluz Jauregian. Ez nuke egingo turismoari lotuta egon daitekeen film bat, arraunari lotutako zerbait… Pentsatuko nuke “zein dago neguan, otsailaren erdian, adibidez, herrian? Gazteak, Gaztetxean”. Beraiek izango lirateke nire film laburreko protagonistak.