Hondarribiko EAJk blues jaialdia erabili zuen Montairi etekina emateko

Hondarribiko udal gobernuak blues jaialdia erabili zuen Montai taldeari etekina emateko. 2018an egin zen azkenengoz jaialdia, hamahiru ekitaldiren ondoren. Lehen edizioak Hondarribia Blues Elkarteak antolatu zituen, baina 2013an udalak bere esku hartu zuen antolakuntza. 2018an berriro esku pribatuetara itzuli zen jaialdia, Hondarribia Blues Elkartearen oinorde den Blue Vision enpresak antolatu zuen.

2015, 2016 eta 2017an behintzat jaialdiko karpen muntaketa eta desmuntatze lanak, azpiegituren alokairua eta beste lan batzuk Montai taldeari nahierara eskaini zitzaizkion. Ordainketak taldeko enpresa desberdinen bitartez egin ziren, eta ordainketa horiek zatikatu egin zituen udalak, kontratazio mahaia deitu gabe baimentzen den legezko muga ez gainditzeko. Gainera, lanek obra bezala izendatu zituzten, eta ez zerbitzuen prestazio bezala, hala diren arren. Baimendutako kopurua handiagoa izateko egin zuen hau udalak -gehienezko kopurua 50.000 eurokoa zen orduan obrentzako, eta 15.000 eurokoa baino ez zerbitzuen prestaziorako-.

2015ean Montai taldeak 60.500 euro fakturatu zizkion Hondarribiko Udalari blues jaialdian eginiko lanengatik. Bost fakturen bidez egin ziren ordainketak, lau Montai Produkzioenak eta beste bat Kultur Kirol Zerbitzuak enpresarena. Deigarria da, esaterako, Bentako karpentzako faktura desberdinak erabiltzea, faktura bat karpa handiarentzat, eta beste faktura bat bi karpa txikientzat.

Ikusi 2015eko ordainketak

2016an Montaik 53.282,59 euro fakturatu zituen Estali, Montai Produkzioak eta Kultur Kirol enpresen bitartez. Montai Produkzioak enpresak itxidura eta alokairua fakturatu zuen, Kultur Kirolek erretena eta asistentzia, eta Estalik karpei zegozkion lanak. Hau da, 2015ean Montai Produkzioek egindakoa 2016an Estalik egin zuen. Oraingoan, oholtzak eta harmailak Orma enpresaren ardura izan ziren. Orma ez da Montai taldeko enpresa bat, baina askotan ageri da taldeak egindako lanekin harremanetan.

Ikusi 2016ko ordainketak

2017an aurreko urteko eredua errepikatu zen. Itxidura eta alokairua Montai Produkzioen bitartez fakturatu zituen Montaik, eta Estaliren bitartez azpiegiturak. Orotara, 51.058,37 euro jaso zituen enpresa taldeak 2017an (oholtzak eta harmailak berriro Ormaren ardura izan ziren). Urte hartan gertatu zen beste irregulartasun larri bat lanen azpikontratazioa izan zen, halako lan edo zerbitzu prestazioetan debekatuta dagoena. 2017ko ekitaldian karpen muntaketa eta desmuntatzea Estalik fakturatu zituen arren, lan horiek Asturiasko Grupo La Karpa enpresa taldeak egin zituen; hala azaltzen da taldearen webgunean. Aste honetan ezagutzera eman denez, 2016an, Gogora institutuaren Memoriaren erakusketa ibiltariaren estalpea azpikontratatu zion Estali enpresak Grupo La Karpari. Ez zela lehen aldia, alegia.

Ikusi 2017ko ordainketak

Jaialdia egin zen azken urtean gertatutakoak argi uzten du udalak erabilitako praktikak ez direla normalak. 2018an, enpresa bakar bati ordaindu zitzaizkion lan guztiak: Montai Produkzioak enpresari. Hau da, 2018an Montai taldeak enpresa bakarra erabili zuen lan guztiak fakturatzeko, eta udala antolatzaile zen urteetan hainbat enpresaren bitartez egin zuen hori.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta