De Miguel auziaren ikerketan berebiziko garrantzia izan zuen Iker Rioja kazetaria Montai taldearen lan egiteko modua aztertzen duen albiste sorta argitaratzen hasi da eldiarionorte.es egunkari digitalean. Lehen artikuluan, Aitor Elorzaren enpresa taldearen eta Gogora, Memoriaren Euskal Institutuaren arteko harremana azaltzen du.
Lehen argitarapen honetan ez du ezer aipatzen Hondarribiko Udalaren kontratazioei buruz, baina deskribatzen duen Montairen jarduteko modua Abotsanitz Udal Taldeak salatu izan duenaren oso antzerakoa da.
Hilaren 5ean ateratako lehen albistearen ondoren, Eusko Jaurlaritzak Montairekin duen harremana aztertuko duela jakinarazi du. Hondarribiko Udalak ez du orain arte halakorik egin.