Udalaren aurreko bi legealdiak, Hondarribia Lantzen sozietate publikoa, eta Udalak Montai taldearekin egindako kontratuak auditatzeko eskatu du Legebiltzarreko Ogasun batzordeak
Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordeak Hondarribiko Udala auditatzeko eskatu dio Herri Kontuen Euskal Epaitegiari. Hilaren 19an egin zuen, 2020ko ekitaldirako lan programari buruzko lehentasunak zehazteko bilkuran.
Lehentasunen zerrendan Hondarribia da gehien azaltzen den EAEko herria. Hain zuzen ere, zortzi aldiz, aipatzen da. Honakoak ikertzeko eskatu zaizkio Herri Kontuen Euskal Epaitegiari: Hondarribiko Udalaren jarduera, Hondarribiko Udalaren 2011-2015 eta 2015-2019 ekitaldiak, Hondarribia Lantzen sozietate publikoaren jarduera 2016-2019 epean, eta 2015 eta 2019 artean Hondarribiko Udalak Montai enpresa taldeko enpresekin egindako kontratuak (Montai Produkzioak, Estali, Karpak eta Estrukturak, Kultur Kirol Zerbitzuak, eta Denok Zuzeneko Komunikazioa).
Legebiltzarrak egindako eskaerak Abotsanitz Udal Taldeak hainbatetan eginiko salaketak berresten ditu. Hilaren 11n prentsaurrekoa eskaini zuen Abotsanitzek, Hondarribiko udal gobernuaren urteetako kontratazio irregularrak eta kontratazio horien onuradun nagusia den Montai taldearen mehatxuak salatzeko. Argi dugu Legebiltzarraren eskaera Hondarribiko EAJren kudeaketa ekonomiko ezegokiaren ondorio dela.