Ostegunean Zaldunborda pleno aretora eramango dugu

Oposizioko hiru alderdiek eskatuta egingo da bilkura.

Zaldunbordaren auzian une garrantzitsu bat iritsiko da aste honetan. Oposizioko hiru taldeek eskatuta megaproiektuari buruzko ez ohiko osoko bilkura berezia egingo da ostegunean udaletxeko areto nagusian, 18:00etan hasita. 2016 urteko maiatzean Higertoki enpresa sortu zenetik lehen aldia izango da Hondarribian gaiari buruzko eztabaida publikoa egiten dena.

Oposizioko zinegotzi guztiok eskatuta egingo da bilkura. EAJ-ri ez zaio gustatu, eta horren froga da alkateak gai-ordena aldatu izana. Oposizioaren eskarian udal arkitektoaren eta udal aholkulari juridikoaren parte hartzea azaltzen zen, proiektuaz eta merkataritza legeaz azalpenak eman zitzaten. Alkateak gai-ordena aldatu du, eta bi teknikariek ez dute parte hartuko eztabaidan.

Argi dago alkateak ez duela nahi herriak jakitea Zaldunbordaren atzean zer ezkutatzen den. Horregatik ez dute orain arte azalpenik eman, horregatik ez dute proiektua hauteskunde kanpainan aipatu ere egin, horregatik mugatu dute osteguneko udal batzarraren gai-ordena, eta horregatik da hain garrantzitsua herritarrak bertaratzea. EAJ-k ez, baina oposizioak badu zer esateko Zaldunbordako astakeriaren inguruan. Eta egingo dugu.