Abotsanitzek ez ditu Montairen praktika mafiosoak onartuko

Hondarribiko udal gobernuak agintaldi berrian ia 600.000 euro bideratu ditu kontratazio irregularretara. Abotsanitz Udal Taldeak zerbitzu prestazioarekin harremana duten 13 alkate-dekretu errekurritu ditu uztailetik, baina bakar batek ez du erantzunik jaso.

EAEko Herriko Kontuen Epaitegiak 2015ean eginiko txostenak agerian utzi zuen Hondarribiko Udalak kontratazio irregularrak egiteko joera duela. Kontratazio Legeak zehazten du 3.000 eurotik gorako kontratu guztiak konkurtso bidez esleitu behar direla, eta 15.000 euro gainditzen dutenak -Lege zaharraren arabera, 18.000 eurotik gorakoak-, kontratazio mahaiaren bitartez erabaki behar direla. Hondarribiko EAJk behin eta berriz hausten du legea.

2018ko otsailean mozioa aurkeztu zuen Abotsanitzek. Bertan, praktika horrekin bukatzeko konpromisoa eskatzen zen. Mozioa aho batez onartu zuen Udalbatzak. Baina udal gobernuak ez du mozioan onartutakoa bete.

2019an beste mozio bat aurkeztu zuen Abotsanitzek, praktika horren eragin juridikoaren ikerketa egitea eta irregulartasunekin bukatzea eskatuz. Oposizioko talde guztiek alde bozkatu zuten, baiona mozioa ez zen atera, EAJk kontra bozkatu zuelako, gehiengo absolutua baliatuz. Jeltzaleek gehiengo osoa baliatu zuten mozioa ez onartzeko, praktika ezkutuan gorde nahian edo.

Mozioek eragina izan ez dutela ikusita, jokamoldea aldatzea erabaki du Abotsanitz Udal Taldeak agintaldi berrian. Ekainaren 15ean Korporazioa osatu zenetik, zerbitzuen prestazioko ordainketa irregularrak agintzeko alkate-dekretu bakoitzari helegitea jartzen hasi ginen. Horrekin batera, ordainketa irregularrak bertan behera geratzeko eskatu dugu aldiro, kontratazio legearen kontrakoak direlako, eta enpresen arteko konpetentzia galarazten dutelako.

Uztailaren 1ean jarri genuen lehenengo helegitea, eta azaroaren 11an orain arteko azkena. Hamahiru helegite, erantzun bakar bat ere ez. Ia 600.000 euroko kontratazio irregularrak lau hilabete eta erdian.

Ikusi errekurritutako dekretuen zerrenda

Montairen mehatxua Hondarribiko Udalari

Zerbitzuen prestazioen kontratazioetan onuradun nagusi bat dago: Montai enpresa taldea. 2009 urtetik modu irregularrean ari da Hondarribiko Udalarentzat lanean. Aurten Montai taldeko enpresek 150.000 euro jaso dituzte udaletik: Montai Produktuak eta Zerbitzuak SL-k 93.000 euro, Kultur Kirol Zerbitzuak SLU-k 38.000 euro, eta Estali La Karpa PBS-k 18.000 euro.

Montai taldeko arduradun nagusia Aitor Elorza da, EAJren Aberri Batzarreko kidea, Itsasondoko EAJren zinegotzia 2015etik 2019ra, eta EAJren hautagai hainbat hauteskundeetan. Ba joan den astean Elorza jaunak Hondarribiko Udalari mehatxu egin zion. Aurreko urteetan beraiek egiten zituzten lan batzuk beste enpresa bati eman dizkiotelako mehatxu egin dio Montaiko arduradunak Hondarribiko Udalari.

Horregatik, Montai enpresarekin dituen harreman guztiak eteteko exijitzen diogu udal gobernuari. Abotsanitzek ez ditu Montairen praktika mafiosoak onartuko eta bere esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditu enpresa pribatuek Hondarribiko Udala bahitu ez dezaten.

Dekretuak Montai mehatxua
Montai taldeak mehatxua egin dio Hondarribiko Udalari

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta