EAJ-k ez du Abotsanitzekin eseri nahi izan aurrekontua negoziatzeko

Abotsanitz Udal Taldeak EAJ-k aurkeztutako aurrekontuaren kontra bozkatu zuen atzo. Arrazoi askorengatik bozkatu dugu kontra, baina batez ere ez delako errealitatean oinarritutako aurrekontua.

Aurrekontuak ez ditu diru-sarrera guztiak aintzat hartzen, eta gastuak puztuta daude. Jasotzen dituen partidetako asko ez dute edukirik, eta horregatik, urtero gertatzen den bezala, aurrekontuaren zati handi bat erabili gabe geratuko da.

Aurrekontuak ez du ezer proposatzen pertsonalaren arazo larria arintzeko. Langile taldean 15 lanpostu bete gabe daude eta behin-behinekotasuna %60tik gorakoa da. Hori da urtero-urtero onartzen diren proiektuak ez gauzatzearen arrazoia: komun publikoak, minibusa, aparkalekuak, futbol zelaia, Kasino Zaharraren berritzea… Proiektuak ez dira burutzen eta soberakina handituz doa. 2020 urte bukaeran Hondarribiko Udalak 3.500 euro inguruko zorra izango du hondarribiar bakoitzarekiko.

Abotsanitz Udal Taldeak 42 emendakin partzial aurkeztu ditu aurten, arlo askotakoak: mugikortasuna, herritarren arreta, aisialdia, bizikidetza, azpiegiturak auzoetan, kultura, elkartasuna, memoria historikoa, gizarte zerbitzuak, etxebizitza… Guztira 810.818 euroko kopurua. Eta beste 3.138.000 euro inbertsioetan, kreditu aldaketari begira. Aurkeztutako emendakinetatik lau onartu dira, EAJk beste guztien kontra bozkatu zuelako. Hauek dira onartutako lau hobekuntzak:

  • Guadalupeko iturriaren potabilizazioa: 5.000 euro.
  • Amute eta Mendelun zarataren kontrako panelak jartzeko proiektua: 18.000 euro.
  • Mendelun, errepidearen zubi azpian auzolanean mural bat margotzea: 3.500 euro.
  • Irakurketa erraza sustatzea: 500 euro.

Guztira 27.000 euro 810.000tik. Onartu ez dizkiguten 38 emendakinen artean honakoak daude: Kasino Zaharrean ariketa fisikoak egiteko aparatuak jartzea, bidegorri sarearen barruan eskoletarako lotura egitea, Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntza %0,7ra igotzea (ez da %0,5era iristen), haur parkeetako bat estaltzea…

(ikusi ez onartuen zerrenda)

Prozedura aldaketagatik aurrekontua lantzeko bost aste gutxiago izan ditugun arren, Abotsanitzek 42 emendakin landu ditu, horietako batzuk herritarren edo eragile sozialen ekarpenak izan dira. EAJk ez ditu negoziatu nahi izan. Udal gobernua ez da Abotsanitzekin eseri, ez aurrekontua azaltzeko, ezta negoziatzeko ere. Oposizioko beste alderdiekin bai, gurekin ez, ordea.

Abotsanitz Udal Taldea
Abotsanitz Udal Taldea

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta