Eskuin-muturreko diskurtso diskriminatzaileei aurre egiteko deia luzatu du Abotsanitzek A25ean
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da gaur. Helburu argia du: genero arrazoiengatik pertsonengan eragiten den biolentzia salatzea eta desagerrarazteko politikak aldarrikatzea. Ez da borroka berria, 1981an hasi zen ospatzen Mirabal ahizpen erailketen oroimenez eta 1999an Nazio batuek beregain hartu zuten aldarrikapena. Ordutik urtero egiten da.
Azkenaldian, eskuin-muturreko mugimenduen ideologia eta diskurtso diskriminatzaileak zabaltzen ari dira. Adibide gisa, aurten Madrilgo Udalak ez du 15 urtean lehen aldiz genero indarkeriaren kontrako adierazpenik egingo.
Inoiz baino garrantzitsuagoa da genero indarkeriaren kontrako politikak eta dinamikak martxan jartzea. Eta berebiziko garrantzia du gizarteak argi izatea zertaz ari garen. Askotan gertatzen delako biktimak berak ez dakiela identifikatzen jasaten duen hori ez lukeela pairatu behar.
Horregatik, Eudelek eta Emakundek plazaratutako definizio hau ekarri nahi dugu gaur. Oraindik ere, ohikoegia da bertan deskribatzen dena:
“Emakumeen aurkako indarkeria matxista zera da: giza eskubideen urraketa, lehen mailako arazo soziala eta osasun publikoko arazoa, eta botere harremanen desorekaren eta emakumeen aurkako bazterkeriaren adierazpena. Generoaren araberako egiturazko parekotasun ezak iraunarazteko funtzioa ere betetzen du.
Emakumeen aurkako-neska txikien eta nerabeen aurkakoak barne-indarkeria era guztiak barne hartzen ditu. Emakume izate hutsagatik edota haiei, proportzioan gizonezkoei baino gehiago eragiten dienean gertatzen da, bai esparru publikoan, bai esparru pribatuan.
Indarkeria egitez edo omisioz eragin daiteke, eta bitartekoak fisikoak, psikologikoak eta ekonomikoak izan daitezke, eta mehatxuak larderia eta behartzea ere barne hartzen dira, baldin eta mina, oinazea edo kaltea eragiten badute, maila fisikoan, psikologikoan sozio-ekonomikoan edo ondarean”.