EAJ udal langileez ahaztu da 2020ko aurrekontuan

Jakina da Hondarribiko Udalak duen arazo larrienetako bat, larriena ez bada, langile kopuruaren eskasia eta pertsonalaren behin-behinekotasuna dela. Printzipioz, udal talde guztiak ados gaude horretan, hala aipatu da behin eta berriro, eta hurrengo asteko aurrekontuen osoko bilkuran berriro onartuko dugu aho batez. Baina egoera hori aldatzeko aukera duenak ez du ezer egiten.

2020ko aurrekontuan langile taldearen diru-partida %11 igoko da. Baina igoera hori ez da beteko, udal gobernua gezurretan ari da. Adibide bat: udaltzaingoaren pertsonalari dagokion diru-partidan %12ko igoera aurreikusten du EAJ-k. Baina ezinezkoa da hori, langile kopurua iazko berbera delako, eta langileetako batzuk, gainera, iaz baino maila baxuagoan kontratatu dituztelako.

Arazoa oso larria da. Legez, administrazio guztiak behartuta daude 2020 urtea amaiera baino lehen behin-behinekotasun tasa %8tik behera jaistera. Hondarribiko Udalarenak %60a gainditzen du. Nola lortuko dugu helburu hori lanpostuak sortu beharrean behin-behinekotasuna larriagotzen duten enplegu plan puntualak baino ez badira lantzen?

Biztanleko udal langile tasari erreparatuta, 10.000 eta 20.000 biztanle arteko EAEko herrien zerrendako azkenetakoa da Hondarribia, 55 milioi inguruko diruzaintza soberakina duen arren. Langile zerrendako 15 lanpostu gutxienez hutsik daude, behin-behinekotasun tasa izugarria da, eta datuok okertu baino ez dira egin Txomin Sagarzazu alkate denetik.

Esan beharrik ez dago, lanpostu faltak ondorio larriak dituela udal jardueraren egunerokoan. Batetik, aurrekontuan onartzen diren proiektuetako asko ez dira gauzatzen. Bestetik, herritarrek ezin dute zerbitzu egokiena jaso. Eta azkenik, langileen lan baldintzak etengabe okertuz doaz, horrek dakartzan ondorioekin: bajak, langile errearen sindromea, eta abar. 

Hondarribiko Udalaren aurrekontuan bada Enpleguaren sustapena deritzon diru-partida bat. EAJ-k 0 euro bideratu ditu partida horretara.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta