EAJri erantzuna, Zaldunbordako lanez

Joan den ostiralean Hondarribiko udal gobernu jeltzaleak ohar bat bidali zien komunikabideei. Ohar horretan aditzera ematen da Abotsanitz Udal Taldearen arabera Hondarribiko Udalak legea hautsi duela. Eta hori ez da horrela.

Abotsanitzek esan duena da alkateak espedientea ireki diola Higertokiri lan klandestinoak egin zituelako (hemen oharra). Abotsanitzek ez zuen esan Hondarribiko Udalak legea bete ez duenik, esan duena da Higertokik hautsi duela legea (bi lege urratu ditu gainera, Lur Zoruaren Euskal Legea eta Ingurumenaren Euskal Legea). Eta alkateak hori horrela izan dela onartu duela, gainera, dekretuz.

Abotsanitzek, gardentasun printzipioak jarraituz eman zuen alkatearen erabakiaren berri. Arduraz jokatu du, irailean Ertzain Etxean Higertokiren kontrako salaketa jartzean egin zuen bezala.

Horregatik, udal gobernuari zuzentasunez jokatzeko eskatzen dio. EAJk ez baitio Abotsanitz alderdiari erantzun, bere ahotan jarri dituelako Abotsanitzek esan ez dituenak.

Bukatzeko, Abotsanitzek berdin jokatzen jarraituko duela berresten du, udal gobernuak eta alkateak egiten dutena gertutik jarraitzen eta hondarribiarrei ondorio ikaragarriak ekarriko lizkiokeen proiektua geldiarazteko borrokatzen.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta