Plenoak aho batez onartu du informazio eskubidea urratzen zaigula zinegotzioi

Abotsanitz Udal Taldeak informazio eskubidea urratzeari buruzko mozioa aurkeztu zuen urriko osoko bilkuran. Eztabaidan mozioaren eskarien zerrendan aldaketa batzuk adostu ziren, eta aho batez onartu zen ondorioz.

Abotsanitzek eguneroko lana egiteko udalean zinegotziek pairatzen dituzten zailtasunak salatu nahi zituen mozioaren bitartez, udal kideon jardunerako ezinbestekoak ditugun informazio eskubideak urratzen zaizkigula. Esaterako, informaziora jotzeko eskubidea, espedieenteetara eta administrazio agirietara jotzeko eskubidea, administrazio agirien kopiak lortzea… Ez ditugu bermatuta. Urteak daramatzagu datu pertsonalen babesa eta datuen isilpekotasuna aintzat hartuko dituen informazio eskubidea bermatzeko araudi bat eskatzen.

Mozioa onartzearekin batera, zinegotzion informazio eskubidea ez dugula bermatuta onartu zuen aho batez udalak. Froga gisa, mozioa aurkezteak zera ekarri du, plenoaren egunean bertan hilabetetan jaso ez ditugun agiri gehienak batera iritsi zaizkigula, dozenaka sarrera idatzi, horietako batzuk udaberritik jaso gabeak. Halere, oraindik badira aspaldi eskatu eta jaso gabeko txosten batzuk.

Adostutako testuaren arabera, aurrerantzean udal kideen informazio eskubidea bermatzeko neurriak hartuko ditu Hondarribiko Udalak. Batetik, epe laburrean jarraibide sorta bat landuko du, informaziorako eta datuen babeserako eskubideen kontraesanak zehazteko. Bestetik, eguneroko lana ahalbidetuko duen prozedura ezarriko du. Eta azkenik, udal kideei beharrezko tresnak eta formazioa helaraziko die.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta