Hondarribiak badu Mugikortasun Plana, parte hartze prozesuaren ondorioz

Hondarribiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP) onartu zen atzo, urriko ohiko osoko bilkuran. Aho batez onartu zen, udal talde guztien adostasuna lortu zuen planak. Zenbait arlotan hobekuntzak egin daitezkeen arren, Abotsanitzek uste du Hondarribia hiri iraunkorragoa bilakatzeko tresna oso baliagarria izan daitekeela, eta oso positibotzat jo du parte hartze prozesu baten ondorio izatea.

2017ko ekainaren 22an Mugikortasun Mahaia eratzea eskatu zuen Abotsanitzek. Handik astebetera udalbatzak mozioa onartu zuen. Ordutik, eskaera horretan proposatutako urratsak gauzatu dira. Mahaia eratu zen, eta egin dituen bileretan asko izan dira mugikortasun arloko eragileek eta, oro har, herritarrek eginiko ekarpenak. Horietako asko biltzen ditu ia 200 orriko HMJP dokumentuak.

Bi urteko lanaren fruitua da Mugikortasun Plana. Plana garatzen hastea da hurrengo zeregina eta horretarako ezinbestekoa da Mugikortasun Mahaia jarraikortasunez biltzea. Atzo onartu zen dokumentua mahaitik atera den bezala, mahaiak izan behar du Mugikortasun Plana garatzeko akuilua.

Azken dokumentua Mugikortasun Mahaian aurkeztu gabe bozkatu zen atzo. Hori ez zaigu gustatu. Prozesuak amaiera hobea eduki behar zuela uste dugu. Baina bada akats hori gainditzeko modu bat, eta hori da Mugikortasun Mahaian jasotzen diren ekarpenak aintzat hartzea, hurrengo asteetan onartuko diren aurrekontuetan isla edukitzetik hasita.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta