Abotsanitz pozik, Legebiltzarrak Zaldunborda arbuiatu duelako

Megaproiektua geldiarazteko eskatu du, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP-ren botoekin

Eusko Legebiltzarrak Zaldunbordako outlet herrixkaren kontrako ebazpena onartu zuen atzo, merkataritzari buruzko gai bakarreko osoko bilkuran. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuten mozioa, eta PP-k ere alde bozkatu zuen. Kontra, EAJ eta PSE, urriaren 10ean Gipuzkoako Batzar Orokorretan egin bezala. Orduan, baina, koalizio-gobernuko kideek kontsentsua bilatzeko eskatu zioten Hondarribiko Udalari.

Atzo onartutako testuak merkataritza megaproiektua baztertzen du, eskualdeko “ekonomia, gizarte eta ingurumen-jasangarritasunaren kontrakoa delako. Era berean, erakunde publikoei eskatzen die, bereziki Jaurlaritzari eta Hondarribiko Udalari, “proiektu hori bertan behera uzteko euren esku dauden lege arloko tresna guztiak erabil ditzaten”.

Legebiltzarraren ebazpena betearazlea ez den arren, Abotsanitzen ustez oso positiboa da, logikarik ez duen proiektuaren kontrako beste adierazpen bat delako: “Legebiltzarreko alderdi guztiek onartutako legearen kontrakoa da proiektua. Jaurlaritzak ez du gustuko, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ez, eta Hondarribiko eta inguruko udalerrietako biztanleen gehiengo handi bat kontra du. Orain, Eusko Legebiltzarrak espresuki arbuiatu du Higertokiren asmoa”.

Abotsanitzetik dei egiten diegu herritarrei tokiko merkataritzaren, Jaizkibelgo aberastasun ekologikoaren eta hirigintza eredu atseginago baten aldeko borrokara batu daitezen. Zaldunbordako megaproiektuak eragin oso kaltegarriak utziko lituzke eskualdean, baina oraindik bada geldiarazteko aukera.