Hilaren 30ean bozkatuko da Mugikortasun Plana, eragileei aurkeztu gabe

Atzo, osteguna, Hondarribiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren (HMJP) proposamena aurkeztu zen Hiritarrak Udal batzordean, eta hilaren 30eko osoko bilkuran bozkatuko da. Abotsanitzek tristuraz ikusten du ez zaiola prozesu parte hartzaileari amaiera egokia eman, azken dokumentua mugikortasun mahaitik pasatu ez delako. Esaterako, Balazta elkarteak, ikastetxeetako ordezkariek, eta, oro har, mukigortasunean zerikusia duten eta bereziki prozesuan parte hartu duten gainontzeko eragileek ezin izan dute azken proposamena aztertu.

Mugikortasun mahaia eta erabilitako prozedura Abotsanitzen proposamena izan ziren. Bilera ugari egin dira, askotan elkartu da mahaia, eta eragileen ekarpen asko aintzat hartu izan dira. Horregatik, ez dugu ulertzen nola ez den mugikortasun planaren azken proposamena eragileekin konpartitzen, nola ez den plana mugikortasun mahaitik pasa. Prozesua aurrera pausu bat izan den bezala, bukaera ez da egokia izan.

Hala ere, mugikortasun mahaiari jarraipena ematen bazaio, akats hau nolabait zuzentzeko balio dezakeela uste dugu. Horregatik, Abotsanitzek mugikortasun mahaia jarraikortasunez biltzea eskatuko du urriko osoko bilkuran.

Zaldunborda ez da aipatzen
Deigarria da Mugikortasun Planaren azken dokumentuan ez dela Zaldunbordako outlet-village proiektuaren aipamenik. Aurreikuspenetan urtean 5 milioi ibilgailu jasoko dituela kontuan izanik, ulertezina da mugikortasun planak hori aintzat ez izatea. Izan ere, Zaldunborda gauzatuko balitz, hiriaren mugikortasun eredua goitik behera eraldatuko litzateke.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta