Alkatea gezurretan ari da, inoiz ez du oposizioarekin blues jaialdiaz eztabaidatu

EAJ ez da inoiz oposizioarekin eseri blues jaialdiaren inguruan sorturiko arazo administratiboez hitz egiteko.

Hondarribiko Alkate Txomin Sagarzazu gezurretan ari da Hondarribia Blues jaialdiaz beste alderdiekin eztabaidatu duela esaterakoan. Astelehenean Radio Irun irratian egin zioten elkarrizketan, arazoak oposizioarekin konpartitu dituela esan zuen. Gainera, Abotsanitz jaialdiaren kontra egon dela esan zuen, eta irtenbiderik ez dagoela ere gehitu zuen. Gezurretan ari da.

Batetik, beste udal taldeekin hitz egin duela esan zuen alkateak. Gezurra da. Alkateak blues jaialdiari irekitako txosten administratiboaren berri eman zion oposizioari, baina gauza arrunta da hori, elkarte askori irekitzen baitzaie txosten administratiboa, horretarako haien jarduera eten gabe. Inoiz ez zen aipatu jaialdia bertan behera uzteko aukera, ezta gogoetarako prozesua abiatuko zenik ere. Maiatzaren 17an jakin genuen hori, udal hauteskundeak baino astebete lehenago, eta idatzizko komunikabide batek argitaratu zuenean.

Bestetik, Abotsanitzek inoiz ez du esan alkatea ezkutatzen ari denik. Guk proposamen zintzo, eraikitzailea eta egingarria luzatu dugu. Hain zuzen ere, udal gobernuak 2018an orduko kontu hartzailearen gomendioak jasoz egin zuen proposamena du oinarrian Abotsanitzen oraingo proposamenak. Jaialdiari jarraipena eman behar zaio eta konponbidea eman pribatizatu zen lehen urtean azalarazitako arazoei. Horregatik proposamen eraikitzailea luzatu dugu. Argi dago Alkateak arazo bat duela gurekin, egiten ditugun proposamen guztiak bere kontrako erasotzat hartzen baititu.

Sagarzazu gezurretan ari da Abotsanitz jaialdiaren kontra egon dela baieztatu duenean. Abotsanitz sekula ez da blues jaialdiaren aurka egon. Jaialdiaren antolatzaile izan zenean udalak egindako kudeaketa txarra salatu du Abotsanitzek, eta udal kontu hartzailearen txostenetan azaltzen den diru publikoaren erabilera desegokia salatu du. Kudeaketa txar horren ondorioa da, hain justu, bizi dugun egoera.

Alkateak baieztatu du ez duela lehentasunezkoa den gai honi heltzeko astirik, eta beti bilatu izan duela irtenbiderik onena Hondarribiko herriarentzat, antolatzaileentzat eta udalarentzat, baina beste behin ere gezurra esan du esaterakoan ez dagoela konponbiderik. Erakutsi ditzala soluziorik ez dagoela dioten txosten teknikoak, inork ez baititu ikusi. 

Abotsanitzen ustez Txomin Sagarzazu eta bere gobernua ez dira gai beraiek sortutako arazoa zuzentzeko, eta ez dute onartzen oposizioak irtenbiderik proposatzea. Esan dezala ez dituela arazo administratiboak gainditu nahi, baina ez gaitzala gainontzekook zaku beren sartu. Abotsanitzek blues jaialdia nahi du 2020an, Abotsanitzek arazo administratiboak konpondu nahi ditu, eta, beste udal taldeekin eta antolatzailearekin hitz eginez lortu nahi du, eta legea zehatz-mehatz jarraituz.

Abotsanitz 2024. Eskubide guztiak erreserbatuta