Estelada jarri dute Hondarribiko udaletxean

EAJk, Abotsanitzek eta EH Bilduk babestu dute neurria, PSE kontra agertu da.

Kataluniako herriari babesa agertu dio gaur Hondarribiko Udalak. EAJren, Abotsanitzen eta EH Bilduren babesarekin, estelada jarri dute goizean udaletxeko fatxadako balkoian. PSE neurriaren kontra azaldu da.

Gaur ere, euskal sindikatuek deituta, elkarretaratzea egitekoa zen Santa Maria ateaurrean, 12:00etan. Abotsanitzeko ordezkariak bertara hurbildu dira, baina parte hartze txikia zenez, protesta ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute deitzaileek.

Giza katea, Irunen. Abotsanitzek bat egin du orain artean eskualdean Kataluniako prozesuaren alde deitu diren mobilizazioetan. Hala, gaur 19:30ean Irunen epaitegiaren eta Zabaltza plazaren artean egingo den giza-kateara joateko eskatzen die herritarrei. Irungo Gure Eskuk antolatu du ekimena.

Donostian, manifestazioa. Bihar, aldiz, Gipuzkoako hiriburuan Gure Esku-k deituta egingo den manifestaziorekin bat egiten du Abotsanitzek. Antiguatik aterako da 17:30ean, eta Defenda dezagun gure etorkizuna, erabakitzeko eskubidea leloa izango du.