Gutuna: ‘Zaldunborda, 22 urte… eta egun bat’

Karlos Murua eta Jose Maria Aranburu, Eguzkiko kideak.

Ez. Ez du harremanik epai baten emaitzarekin, nahiz eta azaltzen diren egitateak horren ondorio bat izan zitezkeen. Ez, goiko izenburuak harremana du Zaldunborda izeneko eremuaren gainean egin den izenik gabeko kudeaketarekin.

1993tik daude albisteak Zaldunbordan inolako kontrolik eta kudeaketarik gabeko hondakinak uzten zirela, espazio hori ezkutuko zabortegi bat bihurtuz.

22 urte. Bai, 22 urte bete dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitate zuzendariak (1997ko ekainean) Hondarribiko Udalari berri eman ziola bertan ezkutuko isuriak egiten zituztela, eta lur eremuaren jabeari hori ixtea eta berreskuratzea eskatzen ziona. Bi urte geroago, Eusko Jaurlaritzak berriz ere gai hori udalari gogorarazten dio. 1999ko azaroan udalak Eusko Jaurlaritzari berri ematen dio, 997/99 dekretuaren bidez, lur eremuaren jabeari eskatu diola lur eremuaren egoera legezta dezala, eta bertan izaten ari diren jarduerak geldiarazi ditzala, jarduera lizentzia lortu bitartean behintzat.

Ordutik hona gertatukoa azaltzeak zabal joko luke, aspergarri izateraino. Baina laburpen modura, esan dezakegu zabortegi klandestinoa oraindik ere zigilatu gabe dagoela, eta larriago dena, izan dira hondakin isuri gehiago, eta horiek Txingudiko Zerbitzuak enpresa erdi-publikoak egin ditu.

Eta egun bat. Bai, legeak ingurumen alorrean ezartzen duena betearazteko administrazioaren makineria pisutsuaren aurrean, tokiko administrazioaren beste jarduera bat izan da. Tokiko kudeaketa lanetan eta tramitazioetan errekor bat egin du Hondarribiko Udalak. Abiadura ultrasoniko batean, Hondarribiko alkateak, egun bakar batean, honakoa egin zuen: Zaldunborda zigilatzeko eskaeraren sarrera egin zen, zegozkion txosten teknikoak egin ziren, eta beharrezkoa zen dekretua egin zen. Oroitu: 1997an, Hondarribiko Udalak bi urte behar izan zituen lurzoru horren jabeari jakinarazteko Eusko Jaurlaritzaren ebazpena bertan izaten ari zen jarduera geldiarazten zuena, eta espazioa berreskuratzea eskatzen zuena.

Hori guztia lege iruzurra egiteko baliatu zuten. Izan ere, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek aho batez onartu baitzuten saltoki handien gaineko legedi berria, eta hor dago iruzurra, udalak aurreko egunean justu egin zituela bahi zituen tramitazio guztiak.

Zaila da pentsatzea norbait harro egongo dela hain kudeaketa lan txarrarekin. Baina zergatik ez, Trumpek aldaketa kilimatikoa dagoenik ukatzen duen bezala, Txomin Sagarzazu alkateak Zaldunbordaren gaiarekin hala egin nahi du, ukatu egin du kudeaketa eskasa.

Eta, ingurumen alorrean dagoen legedia zehatz aplikatuko balitz, beste arlo guztietan egiten den bezala? 22 urteā€¦ eta egun bat.