Abotsanitzek Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako (GKE) diru-laguntzen prozedura berehala abiatzeko eskatuko du urriaren 30eko osoko bilkuran. Iaz Hondarribiko Udalak diru-laguntza gehienak ezeztatu zituen, prozedura abendura arte ez abiatzearen ondorioz. Aurten gauza bera gertatuz gero eskualdeko GKEek ondorio oso larriak pairatuko dituzte.
Bidasoko GKEek iaz aurkeztutako proiektuen gehiengo handi bat atzera bota zuen udalak. GKE gehienek 2018-2019an edo 2019an burutzeko proiektuak aurkeztu zituzten, baina udalak ez zituen 2018an soilik burutzekoak ez ziren planak onartu. Ondorioz, elkartasunera bideratutako aurrekontuaren zati handi bat erabili gabe geratu zen.
Berehala lanean hasten ez bagara, aurten gauza bera gertatu daiteke. 2018-2019ko proiektuak laguntzeko eta iaz eragindako kalteak hein batean arintzeko diru partida bat onartu zen arren, urriaren erdialdean gaude, eta oraindik ez da prozedura martxan jarri.
Horregatik Abotsanitzek mozioa aurkeztuko du urriko ohiko udal batzarrean, Hondarribiko Udalak GKEen programak laguntzeko deialdiaren oinarriak ahal den azkarren argitaratu ditzan eskatzeko. Mozioarekin batera gaiaren inguruko informazioa aurkeztuko du Abotsanitzek (deialdia, diru laguntzen eskaera orria, diru laguntzak ematea arautzen duen ordenantza eta GKEentzako laguntzen oinarriak), lanketa errazteko.