“Pertsona batzuek ez dute elikadura lehentasunen artean”

Josune Zamorari elkarrizketa

Noiz erabaki zenuen nekazaritzatik bizitzea?

2002 eta 2004 urteen bitartean, Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolan eta Igeldoko Aristondo baserrian ikasketak eta praktikak burutu nituen. Gure inguruan bertan ekoiztutako barazki ekologikoak lortzea oso zaila zela konturatu nintzen eta nire kabuz lantzen hasteko aukera bat izan zitekeela ikusi nuen. 2004tik aurrera nire lur saila lantzen hasi nintzen. Nire ama baserrikoa da, Torre baserrikoa, hain zuzen ere. Aiton-amonak bertan bizi ziren. Txikitan maiztasunez, ia egunero, bertan izaten ginen.

Zergatik aldatu zenuen lanbidez, hiriko lanetik baserrira, alegia?

Aurreko lanean ez nintzen gustura. Baserriko bizimoduak beti erakarri dit arreta. Nik ez nekien baratza lantzen. Nire aiton-amonek, ordea, lurra lantzen zuten; baina amak, ez. Belaunaldien arteko jakituriaren informazioa eten zen eta zerotik hasi behar izan nuen. Igeldoko Aristondo baserrian, baserriko lana nolakoa zen probatu eta asko gustatu zitzaidan. Gaur egun, harremana izaten jarraitzen dugu, Gipuzkoa mailako baserritar ekologikoen elkarteko bileretan ikusten gara.

Nolakoa da zure baserriko martxa, nola antolatzen duzu ekoizpena?

Martxoan hasten naiz, lurra zertxobait berotu behar da. Negutegian, bero handia behar duten landareak ekoizten ditut, baita neguan aire zabalean egiten ez direnak ere.

Udaberrian, patata, tipulina jarri, ongarritu. Maiatzetik aurrera, kalabazina, kalabaza, gainontzeko barazkiak, ondoren porruak. Badirudi udaberrian barazki asko daudela, baina ez, ez da hala. Udaberriko lana bereziki landaketarena da. Hilabete batzuen ondoren, udan, uztailetik aurrera jasotzen hasten naiz. Udan izaten da lanik gehien: belarra kendu behar da; maiztasunez bildu, beroarekin barazkiak ez zakartzeko; eta neguko uzta ere udan landatu behar duzu, landarea ongi egin eta ongi mantentzeko.

Udakoa eromena da. Lan ordu asko, egunero lanean zaude, eta ez duzu baratza nahi duzun bezala izaten. Lanbide honen eragozpenetako bat da: sasoi batzuetan gehiegizko lan karga izaten dugu.

Zein barazki ekoizten dituzu, zergatik ekologikoa?

Garaian garaikoa, ahal dudan espezie gehiena ekoizten dut, barietate ugarienak eskaini ahal izateko: ilarrak, baba, tipulak, porruak, azenarioak, piperrak, tomatea, lekak, patata… ahal den guztia.

Berezitasunik? Badira barazki batzuk hemen bertan oso ondo ateratzen direnak baina ez daukagu jateko ohiturarik; mihilua esaterako, arbia,… Hendaian, Donibane Lohitzuneko azoketan, adibidez, mihilu eta arbi aukera zabala dago.

Horiek ere ekoizten ditut. Landareak beti gustatu izan zaizkit. Beraz, barietate desberdinak ere sartzen ditut. Ekologikoaren ereduak ere, bioaniztasuna sustatzea dakar.

Ekologikoa ekoizteko modu bat da. Egokiena dela iruditu zitzaidan, produktu kimikorik ez dugulako erabiltzen. Besteak beste, hasieran horrek erakarri ninduen.

Urteekin lurraren emankortasuna eta bioaniztasunari ere garrantzia eman nion. Hasieratik elikagai garbi bat lortu nahi izan nuen. Haziak ekologikoa izan behar du.

Batzuetan hazia, bera, hamar aldiz garestiagoa da; ez dugu herbizidarik

erabiltzen; lan ordu gehiago egin behar dituzu; ereindako guztia ere ez dugu jasotzen.

Baserritik bizitzeko, esango al zenuke nekazaritzarekiko grina piztu dela?

Bai, kaleko jendea ikusten da baserrira itzuli edo lurra landu nahi duena. Hondarribian hori gauzatzea ezinezkoa da, nire ustez. Hondarribian nekazaritza lanbide bezala desagertu egingo da. Baserrian jaiotzen denak kanpoko lana hautatzen du; baserria mantendu, gobernatu bai, baina ez lanbide bezala.

Baserritik bizi nahi dutenek, aldiz, ezin dute prezioak oso garestiak direlako eta ezin delako zure bizitza osoan zorra amortizatu. Baserriak alokatzeko aukerarik ere dago.

Beste herriekin alderatuz, Hondarribian dena garestiagoa da; nekazaritzarako lurra ere bai. Pena handia ematen dit mendeetan mantendu den bizimodu bat galtzera doalako: ohituren transmisioa, haziak gordetzearena… azkenean nekazari mundua folklore hutsean geratuko da. San Tomas eta halako datekin bakarrik. Altxor bat galduko da.

Azken urteetan, gertuko kontsumoari garrantzia eman edo eman nahi zaio, 0 Km-a bezalako filosofia bultzatuz eta elikaduraren burujabetasuna indartuz. Ze garrantzia dauka kontsumo eredu honek?

Egokiena bertan ekoitzitakoa jatea da, nutriente, zapore eta usain guztiekin. Garraio kostuak ekidituz, bertan ekoizten dugunaren oso zati txiki bat kontsumitzen dugu gaur egun. Bertakoarekin ez da nahikoa. Hondarribian bertan 17.000 biztanle izanik oso barazki gutxi ekoizten dugu. Gehiago ekoiztuko bagenu gehiago kontsumituko litzateke, baliabide gehiago behar dira.Β 

Lanbide hau ere asko gustatu behar zaizu, lanez lehertzen zara eta etekin ekonomiko justua jasotzen dugu; minimoa. Abereekin lan egiten dutenek, egoera prekarioagoa dutela esango nuke. Behar bezala ordaintzen ez den lanbidea da. Ez da nekazaria zaindu, gutxieneko duintasun bat behar genuke. Gaur egun jaten ditugun frutek ez dute ez nutrienterik eta ez zaporerik. Arrautzak ere merkeegi saltzen dira, duten prezioa ez da erreala.

Batzuetan, gauza batzuk ordaintzeko ez dugu arazorik jartzen, oinarrizko elikagaiekin, aldiz, asko kostatzen zaigu. Pertsona batzuk elikadura lehentasunen artean dute. Beste batzuk, ordea, ez. Niretzat oso garrantzitsua da, gure gasolina da, inoiz ez litzaiguke bururatuko gasolioz doan autoari gasolina botatzea. Gure genetikak ere elikagai batzuk behar ditu, gure gorputzak, gure makinak, ondo funtzionatzeko.

Astean bitan, Damarri plazan eta San Pedro kalean azoka antolatzen da. Ze erantzun izan du hondarribiarren artean, eta Botika soro aldeaz zer esango zenuke?

Azokara gutxi gora behera jende berdintsua gerturatzen da. Azoka indartzeko produktu gehiago ekarriko nuke, erakargarriago izateko. Gauden ekoizleekin batera, eskualdekoei emango nieke aukera. Zuzeneko salmenta, ekoizpen txikikoak eta profesionalak izatea. Jartzen dugun karpa sistema hobetu behar genuke. Negurako ez da egokia, ez gaitu hotzez eta haizeaz babesten. Ez saltzaile, ezta erosleari ere. Estalitako eremu sendo bat beharko genuke.

Lehen ez zeuden gauzak egiten ari dira: azoka, agroaldea, baina modu sinbolikoan. Lehenengo sektorearentzat, nekazaritzaren aldeko benetako apusturik ez dago. Zergatik ez dira baserrietako lurrak alokatzen eta lurra gehiago lantzen? Ez dakit zein izan litekeen formula, baina gure inguruan zelaiak baditugu. Erraztasunak baino, trabak handiagoak dira. Agroaldea ongi dago, hasi berria den jendearentzat; bereziki, nekazaritzan hasteko laguntza bat da. Hala eta guztiz ere, Botikako soro aldea hektarea eta erdi besterik ez da.

Benetako apustua egin nahi bada nekazaritzaren alde, bestelako jauzia eman behar da. Halako eremu gehiago eskaini behar da, adibidez.