Bi urte bete ditu legealdiak. Ibilbidearen erdia eginik, Abotsanitz udal taldeak honako hausnarketa egiten du.
Abotsanitzek, udal ibilbideari ekin zionetik gaurdaino, guztiz positibotzat dauka herritarrengandik jasotako konfiantza. Eguneroko arazo, ideia eta irtenbide desberdinen aurrean, hainbat dira herritar eta herri eragileekin ditugun hartu emanak. Gure helburua aurrera eramateko lanean jarraitzen dugu: Hondarribiarren bizi kalitatea lehenetsi, eta behetik gorako herri politikagintza bat eragin.
Txomin Sagarzazu Ancisar alkate jaunaren eta udal gobernu taldearen jarduna, kezkaz dakusagu; abiapuntu gisa hartutako hitza nekez betetzen ari delako. Parte-hartze eza eta gardentasun eskasa, horra gure kezka iturria. Ez dugu politikagintza dinamikorik ikusten udal gobernuaren partetik. Udal aurrekontuak aurrera ateratzeko zailtasun nabarmenak, aldebakartasunaren bidea hartuz, elkarlanerako aukerarik ez dago eta boterearen kontrola eta denboren arteko kalkulua egina du jada. Honekin batera Hondarribiko Udalaren egoera kezkatzen gaitu, nahiz eta altxortegiaren egoera oso ona izan, gehiegitxo gure iritziz, Udal langileria eguneratu beharra dago, horrela jarraituz gero, etorkizun motzean, blokeo egoera batean sar gintezkeelakoan gaude. Hamarkada luzez Hondarribiko EAJ-k egindako lanaren ordaina litzateke.
Onartu berri den H.A.P.O.aren (Hiri Antolakuntzarako Plangintza Orokorraaren) aurrean zer esan? Hondarribiaren etorkizuneko garapena jorratzeko lantresna kapitala dela deritzogu, etxebizitza politika, mugikortasuna, ingurumena, etab. jorratzen direlako bertan. Hau da, herritarren egunerokoari ezinbestean lotuta dauden udal zereginak.
Lantresna hau, aldiz, ez da herritarrekin behar adina partekatu. Prozedurak denboran gehiegi luzatzeaz gain (10 urtetik gorako prozedura) aurreikusitako kostuan ere igoera handia izan du. Azkenean, onartu den dokumentuak duela 10 urteko ikuspuntua du oinarri zenbait arlotan; hala nola, mugikortasunari dagokionean. Baina gehien kezkatzen gaituena hirigintza planean aurreikusi genuen irregulartasun juridiko nabarmen bat da. Nahiz eta behin eta berriz aditzera eman, batzorde bileretan, zein publikoki, Udal Gobernu taldeak aurrera jarraitu nahi izan du Zaldunborda eremuaren birklasifikatzea lege urraketa bat dela jakinda ere.
Hau izan da, beraz, legealdiaren erdi honetan alkateak nabarmen adierazi duen herri ereduarekiko jarrera.